Guraso agurgarriak

 

Udarako oporren ondoren ongi etorria eman nahi dizuegu. Honetaz gain, Elizalde Eskola Publikoan duzuen konfiantza ere, eskertu nahi dizuegu. Familiek eskolako ateak zabalik dituzue edozein kezka argitu ahal izateko, lehenik eta behin tutorearen bidez eta ondoren Zuzendaritzan.

Ikasturte honetan hainbat aldaketa sakon izango ditugu. Lehenik eta behin, ordutegi aldaketa izango dugu: arratsaldeetan 15:00etatik 16:30ak arte izan beharrean; 14:45etatik 16:30 arte izango da. Egunero 15 minutu gehiago izango ditugu ikasleekin. Denbora hau gure ikasleen irakurketa lantzeko izango da. Irakurketarako saio hauen helburua ikasleen ulermen maila, irakurketa abiadura eta hizkuntza maila hobetzea da. Ordutegian aldaketa honek, ez du ondoriorik izango ez jantokian, ez goiz eta arratsaldeko sarrera-irteeratan ez eta eguerdiko orduz kanpoko saioetan.

Bestalde, aurreko ikasturtean, gure Hezkuntza Proiektua berritzeko aukera izan genuen. Hezkuntza Proiektua eskolak duen dokumentu nagusia da eta loteslea da, hau da, langile guztiok nahi eta nahi ez bete beharrekoa. Eskolan zegoen dokumentua oinarri hartuta, osatu egin genuen eta ondorengo 3 eremuak txertatu genituen: jasangarritasuna, digitalizazioa eta proiektuka lan egitea. Oinarri hauek kontutan harturik lan egingo dugu.

 

                                                Zuzendaritza Taldea