Familia agurgarriak

Oporrak bukatu dira  eta indar berriekin, 2018/2019 ikasturteari hasiera eman diogu. Ohikoa den legez, Klaustroak ongi etorria ematen dizue eta eskolako ateak, orain arte bezala, irekiak izango dituzue zuen beharrak ase ditzazuen; lehenik eta behin tutorearen bidez eta ondoren zuzendaritzan.

Aurtengo lanen artean ditugu: 1, eskola ordutegiaren moldaketa. Hau egin ahal izateko, eta datorren ikasturtean bertan has dadin, otsaileko matrikulazio epea baino lehen burutu beharra dugu prozesu hau. 2, Udalarekin batera, 50/50 proiektuan parte hartzea. Alemanian hasi eta Katalunian landutako proiektua da. Eskola jasangarriaren ildoak mantenduz, elektrizitatea, ura eta gasa aurrezteko ekintza ezberdinak jarriko ditugu martxan. Aurreztutako diruaren %50 eskolak jasoko du eta beste %50 energia berriztagarrietan erabiliko dugu.

Euskal Eskola Publikoak denon konpromisoa eta lana behar du. Azken urteetan murrizketak jasan baldin baditugu ere, denon lanarekin aurrera ateratako eskola gara. Proiektu integratzailea da, gizarte aldaketarako eta hobetzeko tresna izanik, kalitatezko hezkuntza bermatzen du. Zuzendaritza talde berriak, eta Klaustroak ildo horiek lantzen jarraituko dute.

 

                                               Zuzendaritza Taldea

ELIZALDE LOGOA color-txikiaGuraso agurgarriak:

2018/2019 ikasturte berriari hasiera eman nahi diogu oporren ondoren eta Zuzendaritza taldeak ongi etorria eman nahi dizue. Celeste Irurietak (ikasketa burua), Jose Kaietano Diezek (idazkaria) eta Aitor Okamikak (zuzendaria) osatzen dugu zuzendaritza taldea.  Denok komunitate bereko partaideak gara, Elizalde komunitatea, eta denok saiatu behar dugu ebidentzia egiaztagarri bihurtu den errealitatea mantentzen, ikastetxe publiko honen kalitatea. 

Zuzendaritzako ateak zabalik dauzkazue, eta kezkak edo galderak argitzeko prestutasuna azaldu nahi  dizuegu. Bide batez, aurtengo berritasun nagusia azaleratu nahi dugu lerro hauek baliatuz. Izan ere, datozen bi ikasturteetan ordutegi jarraia izango dugu eta hemen aurkezten dizuegu:

1 8:30 - 9:25
2 9:25 - 10:20
3 10:20 - 11:15
  20' jolas-garaia
4 11:35 - 12:30
5 12:30 - 13:25
  15' jolas-garaia
6 13:40 - 14:35

Eskerrak eman nahi dizkizuegu gugan konfiantza jartzeagatik.

Zuzendaritza Taldea.